
Partidu zaila geneukan gaur Lazkaon, hango taldea oso fisikoa eta baloia luze jokatzen duen horietakoa bait da. Hala ere, guk ez ditugu gure arma guztiak erakutsi: Ez dugu hegaletatik jokatu, ez dugu baloia zelai erdian ikutu... eta horrela asko kostatuko zaigu gaurkoak bezalako partidu zailak irabaztea.
Partidua nahiko harraroa izan da, beraiek hasi dira dominatzen baina 10. minutuan Iker Laskibarrek gola sartu behar zuenean atezainak baloia eskuz area kanpoan geratu du eta txartel gorria erakutsi dio epaileak. Jokaldi horren ostean denok taldeak gora egingo zuela uste genuen baina guztiz kontrakoa gertatu da. 15.minutuan atzekaldeko huts askoren ondorioz beraien lehen gola iritsi da. Eta Ezeizak aukera bikain bat huts egin eta gero, atzekaldeko beste akats batean, gure alde zen alboko sake bat galdu eta kontraerasoan bigarrena sartu digute. Hori nahikoa ez balitz, 25. minutuan Andoni lesionatu zaigu eta lehen zatiko azken jokaldian ez gara baloia sareetara bultzatzeko kapaz izan, nahiz eta aukera garbi pare bat izan.
Bigarren zatiaren hasiera antzekoa izan da; ez genuen gure jokoa egiten eta gainera ez genituen beraien puntu ahulak aprobetxatzen. Hala ere, falta batean Imanolen eta Igorren artean 2 eta 1ekoa sartu dute, eta horrek taldea piztu egin du. Orduan jokatu ditu Euskaldunak bere minutu onenak, batez ere Dennisek egin dituen jokaldi batzuetan: paretak, pase sakonak... askoz hobeto aritu da gaurkoan urnietarra. Horrela iritsi gara azken 15 minutuetara, eta entrenatzaileek harriskatzea erabaki dute atzean 3 jokalarirekin jokatuz. Taldeak baloia gehiago izan du baina beste kontraeraso batean eta beraien jokaldi bikain batean, hirugarrena sartu digute.
Horrela, partidua bukatzear zela, korner batean Sergiok itxaropena piztu duen gola sartu du, eta horrekin batera partidua erotu egin da. Aurka penalty bat izan dugu baina Jorgek bikain gelditu du, eta azken segunduan Goikori goleko marran bertan zeukan baloia kendu egin diote agian falta eginez. Baina arbitroari ezin zaio ezer leporatu behingoagatik ondo aritu bait da.
Partiduko hamaikakoa hau izan da: Jorge, Andoni (Aitor 30.min), Imanol, Jokin (Sergio 50.min), Aritz, Mikel, Dennis, Ezeiza (Igor 50.min), Laskibar (Goros 50.min), Josu (Goiko 45.min) eta Asier Pajares (Beñat 35.min)
Ez dizkiogu buelta gehiegi eman behar gaurko partiduari, taldeak dena eman du baina agian jokoz zerbait falta izan zaigu.
Asteartean lanera, talde onak aurrean jartzen zaizkigunerako prestatzera.
Eta ez dugu gure helburua zein den ahaztu behar: Futbolean jolasten ikastea, dena ematea eta egunetik egunera jokalari bezala gero eta hobeagoak izatea.
Animo mutilak!