29/11/09

Lengokoak 3 Euskalduna 2

Partiduak galtzen dituzten taldeek askotan aitzakiak bilatu nahi izaten dituzte, ia beti epaileari egozten zaizkio akats guztiak. Atzokoa ez zen normala izan, baina gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu, eta horrek, atzo epaileak egin zuena ahaztu eta gure jokoa hobetzea esan nahi du.

Partidua sufritzen hasi genuen, baloiarekin ohitzen ginen bitartean talde donostiarrak gure arean sartu gintuen, nahiz eta gol aukera gehiegirik sortu ez. Are gehiago, aukera hoberena gure hanketan izan genuen oso ondo lotutako kontraeraso batean Beñatek gutxigatik asmatu ez zuelarik. Lehen esan dugun bezala taldeak hobetu beharra dauka, alde batetik, kontran dauzkagun estrategia jokaldiak. Horietako askotan lotan harrapatzen gaituzte eta. Horrela iritsi zen partiduko lehen gola, oso urrutitik ateratako falta bat area txikian bakarrik errematatu zutelarik. Beste bat, eta dagoeneko gol asko daramazkigu horrela.

Taldeak, hala ere, ez zuen burua makurtu eta goraka jo zuen aukera onak sortuz. Kornerretan izugarrizko mina egin genuen eta horietako batean Markelek, erne, barrura bota zuen aske geratutako baloia. Berdinketa markagailuan eta baita zelaiean ere, jokoa guk jartzen bagenuen ere, donostiarrek kasta gehiago erakutsi zuten, gogorrago sartuz, buruz beldurrik gabe joanez, erdibidean geratzen ziren baloiak lapurtuz, eta sake guztiak eramanez. Alde horretan askoz gehiago izan ziren. Baina esan bezala jokoa gurea zen, eta jokaldi ikusgarrienak ere. Ipintzak eskubitik egindakoa adibidez, sekulako kañoa, bigarren zutoinera erdiraketa eta Igorrek langara. Lan ona egiten ari bada ere, zorterik ez du aurtengoan urnietarrak. Iritsiko dira golak. Atsedenaldira iritsi baino lehen etorri ziren lehen bi jokaldi polemikoak: lehenengoan Goiko bakarrik geratzen zen atezainaren aurrean, bigarrenean Markelen txilena Ipik gola sartzeko aprobetxatu zuen baina biak baliogabetu zituen epaileak. Bana aldageletara.

Bigarren zatian hegaletatik gehiago sakontzea zuen helburu taldeak, eta baita lortu ere, berehala aprobetxatu bait zuen Goikok Sergioren pase zoragarria taldea markagailuan aurreratzeko. Baina kasualitatez edo, irabazten ari ginenean hasi zen epailearen erakustaldi espektakularra. Kornerra aurka, Enekok jaurtiketa ederki geratu, eta aurkariak ostikada eman eta gero baloia aske geratu zen sareetara bultza besterik egin behar ez zutelarik. Ez zen ezer gertatu. Kornerra alde, Sergiok oso itxia atera eta Ipik berriro ere sareetara. Jokoz kanpo argia. Hogei falta adierazi zizkiguten aurka nahiz eta partidu osoan ostikadarik ez jo. Iñigok aurre hartu zion atezainari, honek traba area barruan, baina bota egin zen antza. Jaurtiketa bat eskuz geratu zuten hurrena, baliteke atezaina zela pentsatu izana. Eta zorte txarra errematatzeko erdiraketa bat zena gure bi jokalarirengan eman eta barrura. Gero Ezeizak ere ez zuen asmatu, bakarrik atezainaren aurrean. Ez sinisteko modukoa.

Baina lehen esan bezala gureari ekin behar diogu. Emaitzak ikusita oso Kopa lehiatua eta berdintasun askokoa izango dela dirudi eta atzo bezala jokatuta puntu gutxi utziko ditugu bidean. Partiduko jokaldi aipagarriena, atzetik hasita, Jabik pareta Unzalurekin gero Sergiori honek sakonean Iñakiri lehenengo tokean... eta aurkariek baloia non zen usaitu ere egin gabe. Hori talde gutxik egin ahal dezakete.

Atzoko protagonistak:

Eneko, Arregi (Christian 35.min), Goros (Jabi 55.min), Markel, Ander (Aitor 55.min), Sergio (kap.), Ezeiza, Goiko, Igor (Unzalu 35. min), Ipi (Iñaki 45.min) eta Beñat (Iñigo 45.min)

Animo mutilak, honetatik altxa eta gure aurpegirik onena erakutsi behar dugu eta Añorgako partiduan. Eta ez ahaztu, oraindik 21 partidu geratzen direla eta hau oso luzea dela.

Lengokoak 3 Euskalduna 2 PUNTUAK

Partiduak galtzen direnean puntuak ematea zaila izaten dela esan ohi dugu. Atzo jokatutako partidua hain izan zen ona askok merezi dituztela puntuak. Ez nahastu izana espero dugu.

3 PUNTU: Markel (Defentsan bikain, beste gol bat... baina aipagarriena, infantiletan inoiz ikusi dugun akzio tekniko ikusgarriena izan da, golean amaitu dena. Baina hori ere, kendu egin digute)

2 PUNTU: Sergio (Goleko bi paseak eman ditu eta kornerrak intentzio askorekin ateratakoak izan dira)

PUNTU 1: Goiko (Oso gol ona, eta arrisku gehien sortu duen jokalaria izan dugu)

26/11/09

Lengokoak Vs Euskalduna

Kopako lehen jardunaldiko 10 minutu jokatu eta gero bigarren partidua datorkigu. Honakoa osorik jokatzea espero dugu; eta espero dugu baita ere ezer harrarorik ez gertatzea. Orain arte denetarik izan dugu: Goizeko 9tan partidu bat, gero gripeagatik atzeratutako beste bat, putzu batean jokatutako beste bi, haizeagatik geratutako beste bat... Partidua normal jokatzearekin nahikoa dugu. Gainera larunbat hontakoa partidu gogorra izango da benetan, Lengokoak beti talde serioa eta ondo jokatzen duena izaten baita da. Baina hortarako gaude gu, gutxiago ez garela erakusteko. Gogoratu goizeko 11tan Cesar Benito futbol zelaiean. Animo mutilak!!!!

19/11/09

Euskalduna Vs Tolosa

Badatoz bueltan, eta oraingoan erne etorriko dira. Ligan beraien aurka jokatu genuenean tolosarrek espero ez zuten partidua egin eta emaitza bikaina lortu genuen. Oraingoan bestelakoa izango da, badakitelako guk ze maila dugun. Beraz, aurrekoan %105 eman behar izan bagenuen oraingoan gehiago eman beharko dugu. Partidua larunbatean izango da, Andoainen goizeko 10:45etan. Ea kopa ondo hasten dugun!

16/11/09

KOPA

Koparako taldeak zozketatu dira eta, egia esan ez dugu zorte gehiegirik izan. Txapeldunen fasean sartzeko puntuan egoteak ez du esan nahi orain datorkigun txapelketa erraza izango denik. Ezta gutxiago ere.




TXAPELDUNEN FASEA

Real Sociedad
Antiguoko
Sanse
Eibar
Real Union
Beasain
Hernani
Touring
Zarautz
Kostkas
Arrasate
Aretxabaleta

KOPA 1.go TALDEA

Euskalduna
Tolosa
Añorga
Lengokoak
Sporting Herrera
Hondarribia
Ostadar
Dunboa
Behobia
Beti Ona
Vasconia
Orioko

KOPA 2.TALDEA

Amaikak Bat
Aurrera Ondarroa
Zumaiako
Ordizia
Urola
Urki
Ilintxa
Bergara
Aloña Mendi
Anaitasuna
Elgoibar
Lagun Onak

Zer iruditzen zaizue?

Euskalduna 3 Urki 1

Egun batzuk besteak baino hobeak izan ohi dira. Batzuetan gauza gutxi eginez bilatzen den emaitza lortzen da, bestetan, larunbat hontan bezala nahiz eta ahalegin guztia jarri ez dira gauzak espero ditugun bezala irteten. Agian astean zehar izandako gehiegizko konfiantza horrek ez zien gure jokalariei barruan zuten guztia irteten utzi. Agian golak sartzeko ansiedadea izan zen, auskalo. Errealitatea urteko partidurik kaxkarrena ikusi genuela da.

Hala ere oso ondo hasi genuen partidua, Markelek korner batean aske geratu zen baloi bat sareetara boteaz. Erraza izango zela zirudien baina despiste hori garesti irten zitzaigun Urkiko aurrelariak bakarrik egindako jokaldi batean berdinketa jarri zuen eta. Akats gehiegi jokaldi bakarrean. Lehenengo zatian atera daitezkeen alderdi positiboenak taldeak baloia atzetik atera eta ikutzeko gaitasuna izan ziren; negatiboa, beste areara iristeko presa gehiegi izan genuela eta jaurtiketa gutxi egin genituela. Horietako bat atezainak ez zuen ondo harrapatu eta Ipintzak gola sartu behar zuenean atezainak trabatu egin zuen. Sergiok erraz sartu zuen penaltia.

Bigarren zatian jokoa askoz okerragoa izan zen, pase gehiegi huts eginez, azkarregi eta pentsatu gabe jokatuz... Aurkariak ez ziren zelai erditik pasa ere egin baina konbinaziorik ez zen ikusi, eta izan genituen gol aukerak beraien akatsen ondorioz zetozen eta ez gure merituengatik. Horietako bat cañonero Ezeizak sartu zuen, urrutitik aspaldiko partez, poste bat ere eman zuen landutako jokaldi batean.

Esan bezala partidu kaxkarra, humilagoak izaten erakutsi behar gaituen partidua. Orain kopa bait dator, eta goian egon nahi badugu arerio guztiak errespetuz hartu beharko ditugu. Goian egoteko ezin bait da egun txarrik izan.

Hamaikakoa:

Eneko, Arregi (Christian 35.min), Goros, Ander (Beñat 35.min), Markel, Sergio (kap.), Igor, Ezeiza, Ipintza (Jabi 45.min), Goiko eta Iñaki (Iñigo 45.min)

Gaur arratsaldean Koparako taldeak zozketatzen dira, erne beraz, gauean blogean jarriko ditugu eta!

Euskalduna 3 Urki 1 PUNTUAK

Larunbat hontako partiduko puntuak horrela banatuko ditugu:

3 PUNTU: Sergio (Jokoari zentzu apur bat eman zion bakarra izan zen. Hala ere askoz hobeto jokatzen badaki)

2 PUNTU: Goros (Gustora dabil lateral bezala, bolea onak jaurti ditu baina ezinezkoa dirudi gol bat sartzea)

PUNTU 1: Ezeiza (Nahiz eta zorte gehiegirik gabe guztia ematen ari da. Gola berreskuratu du)

11/11/09

Euskalduna Vs Urki

Ligako azken partidua hemen da, taldeak gogor egin du lan eta emaitza onak lortu ditu. Hain da horrela ze gutxigatik ez gara sailkatuko Txapeldunen Fasera, eta hori deboraldi hasieran pentsaezina zen. Azken partidua Andoainen jokatuko dugu larunbatean goizeko 11tan Urkiren aurka. Eibarko taldea da Urki eta hasiera batean gozatzeko eta golak sartzeko partidua izango dela dirudi, baina konfiatu gabe bestela sustoak etorriko dira eta!

Euskalduna 4 Ostadar 1

Ea euria egiteari uzten dion, azken hiru partiduak (Sanse, Hernani eta Ostadar) putzu batean jokatu behar izan ditugu eta. Atzoko partidua gaizki hasi zen oso, hartzen genituen baloi guztiak galduz eta horrela berehala iritsi zen lasartearren gola. Hala ere erantzuna azkarra izan zen, Goikok, Markelek ondo pasatzen utzitako baloi bat ederki gurutzatu bait zuen. Orduan hasi zen taldea gehixeago jolasten baina Ostadarrekoak oraindik gure areatik gertu zebiltzan. Gure taldeak kontraerasoetan bakarrik egiten zuen min, horrela, Goikok lehenengoan asmatu ez bazuen ere, lehen zatia amaitzear zela lehen tokean egindako jokaldi zoragarri batean Iñigok sakonean bikain eman zion Goikori eta honek ez zuen barkatu, berriro ere ondo gurutzatuz.

Bigarren zatia guztiz geurea izan zen, konbinazio onak eta jokaldi interesgarriak ikusi ziren. Baloiaren jaun eta jabe izan ziren urdinak eta zelaia hobe egongo balitz askoz ere gol aukera gehiago sortzeko posibilitateak izango zituzten. Hala ere, markagailuan 4 gol baino gehiagorekin amaitu zitekeen partidua. Baina sartu ziren golak, lehenengoa Goikoren erdiraketa luze baten ondorioz iritsi zen Ipintzak hartu eta eskuadran jarri zuen. Deabru txikiaren bostgarren gola eta pitxitxien buru da Goiko Sergio eta Ezeizarekin batera.

Partidua lasai zihoan baina hamar minuturen faltan jokaldi klabea iritsi zen, aurkako penaltia alegia, 3-2koa jar zezaketen lasartearrek baina hor agertu zen Oier hankarekin penaltia geratzeko, segidan gainera langara bota zuten beste jaurtiketa bat eta sustoa oraindik gorputzean genuenean Beñatek Goikoren jaurtiketa ustel bat (baina pase ona izan zena) hartu eta partidua erabaki zuen. Hortik aurrera beste poste bat eman genuen eta lehen esan bezala, zelaiaren egoerak sahiestu zuen gol gehiago ez sartzeak.

Partidu ona beraz, gure mutilek burutu zutena, hasieratik irten zirenek maila ona erakutsi zuten eta bigarren zatian sartutakoek ere taldeari asko eskeini zioten, eta hori oso garrantzitsua da. Larunbatean gol gehiago sartzeko aukera Urkiren aurka.

Oier, Christian (Aitor 45.min), Arregi (Jabi 45. min), Markel, Ander, Sergio (kap.), Ezeiza, Igor (Iñaki 50.min), Goiko, Ipi (Goros 50.min), eta Iñigo (Beñat 45.min)

10/11/09

Euskalduna 4 Ostadar 1 PUNTUAK

Irabazten denean puntuak ematea askoz ere errazagoa da, gaur arratsaldean jokalari hauek nabarmendu dira:

3 PUNTU: Goiko ( Esnatu da, hasieratik ikusten zitzaion beste txispa batekin. 2 gol eta beste 2en paseak eman ditu, gehiago eskatzerik ez dago)

2 PUNTU: Oier ( 10 minuturen faltan eta markagailuak 3-1ekoa erakusten zuenean erabakiorra izan zitekeen penaltia geratu du)

PUNTU 1: Aitor ( Bigarren zatian sartu da eta lan ona burutu du, baloi guztiak ondo eta zentzu askorekin jokatuz )

Hernani 2 Euskalduna 0 PUNTUAK

Hernaniko putzuan jolastea zaila zen, hala ere taldeak dena eman zuen hasieratik amaiera arte horregatik emaitzak golpe handia suposatu zuen taldearentzat. Dena den gaur arratsaldean beste partidu bat izango dugu, Ostadarren aurka 6:30tan, eta ziur taldeak bere joko onena erakusten duela.

Hauek dira aurreko asteburuko puntuak:

3 Puntu: Christian (Partidu bikaina, atzean sendo eta aukera izan zuenean erasora igoz)

2 Puntu: Ander (Lan asko izan genuen atzean eta ez zuen akatsik egin, eta zelaia zegoen bezala ikusita hori oso zala zen)

Puntu 1: Beñat (Ikustea ohituta gauzkan lana egiteaz gain bera egon zen gola sartzeko gertuen jaurtiketa bikain batekin)

Arratsalde honetan gehiago... eta espero dugu hobeto.

Porran, galtzen dugun guztietan bezala asmatzailerik ez. Ostadarreko partidurako jarri zenituzten emaitzak mantendu egingo ditugu.

Animo mutilak!

4/11/09

Hernani Vs Euskalduna

Liga amaierako partidu klabea izango da astebukaera hontakoa. Hernanikoak beti dira talde sendoa eta ondorioz partidu zaila izango da, hala ere, garaipena lortzen duenarentzat saria haundia izango da. Ia segurtasun osoz Gipuzkoako 12 talde onenen artean sartuko da partidu honen garailea. Horregatik, inoiz baino gehiago bakoitzak barruan duen guztia eman beharko du.

Partidua Igandean 12tan izango da Zubipe futbol zelaian, animatzera joaten zareten laguntza guztia eskertuko du gure taldeak.