27/2/10

Infantil Txikiak, bikain berriro ere

Aurrera pauso galanta gaur goizean Infantil Txikiak eman duena. Sailkapeneko bigarrenaren aurka jokatzen zuten eta berehala erabaki dute partidua. Oso gogor ekin diote partiduari eta 5 minutu bete baino lehen 2 gol sartu dituzte, biak Danirenak, baina bigarrena taldeko jokaldi eder baten ostean. Aritzek pase gurutzatu bikain bat eman dio Xubani, urnietarrak Dani bakarrik ikusi du eta honek ez du barkatu. Hortik aurrera lana asko erraztu da eta Andonik korner bat itxia aterata, atezainaren laguntzaz hirugarrena egin du. Aipagarria ere Andonik jarri dituen korner eta faltak, arrisku haundia sortuz. Horrela iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatia Beti Onako taldeak indartsu hasi du partidua berdindu nahian baina bai Imanolek atean eta baita Otaegi nahiz Patxik zentral modura segurtasun itzela eman diote taldeari. Euskaldunak kontraerasoetan egin du min eta horrela iritsi da laugarrena; Danik jokaldi zoragarria beste behin eta Gorka Gomezek ate barrura bultza du baloia, merezitako gola Gorkarena. Beraz Beti Ona 0 Euskalduna 4, eta hurrengo fasea esku eskura.

Hemendik azpimarratu nahi dugu talde osoa burutzen ari den denboraldia, bigarren urtekoek indarra eta segurtasuna ematen diote taldeari, eta txikiak izugarri dabiltza; guztiak daude prest datorren urtean Ohorezko mailan jolasteko.

Baina banan bana hartuz gero, lehenik eta behin Dani aipatu behar dugu, dagoeneko 18 golekin (erraz esaten da) Euskaldunako kategoria guztiak kontatuta bera da golegile nagusia. Aritz ere, lateral bezala postu berrira oso ondo ohitu da bai erasoan nahiz defentsan. Endika, langile sutsua eta beti entrenatzeko prest, ere oso ondo; Xubanen abiadurak defentsa lerroak apurtzen ditu eta Gorka "Didi" kapitaina denboraldi borobila betetzen ari da nahiz eta gaurkoan zorte gehiegirik ez izan.

Esan bezala, denok izugarri ondo, segi horrela gogor lanean eta ikusiko duzue: oraindik hoberena etortzeke dago!!

20/2/10

Tolosa 2 Euskalduna 0

Badira partiduak nahiz eta galdu, ondorioak onak izaten direla taldearentzat. Gaurkoa horietako adibide bat da. Gaur egin dezakegun irakurketa nagusia honakoa da: Lehen gola 5.minutuan jaso dugu eta bigarrena luzapenean. Tarte horretan, 65 minutu, Tolosako taldeak ez du gol aukera bakar bat ere sortu; kornerretan bakarrik egin dute mina. Lehen zatia Tolosak dominatu du baina esan bezala ez du gol aukera garbirik sortu, guk ordea aukera bakarra izan dugu baina Sergiok ez du falta sartzen asmatu.

Bigarren zatia aldiz gurea izan da, 35 minutuetan baloia beraien zelaian egon delarik. Hala ere, guk ere ez dugu gol aukera garbirik izan, gerturaketa batzuk besterik ez. Horrela iritsi gara azken minutuetara, gehiago arriskatzea erabaki dugun arte. Eta kontraeraso batean legez kanpoko jokaldi batean aurkariak baloia eskatu dio Aitorri, eta honek, begiratu gabe pasatzen utzi egin du. Hori falta da baina epaileak ez du adierazi, eta bigarrena sartu digute.

Aipatzekoa da, bi taldeen arteko desberdintasuna ez dela joko aldekoa ezta ez zirela teknikoki gehiago. Fisikoa baizik, altuera eta indar aldetik gehiago ziren eta horrek izugarrizko zailtasunak sortu dizkio gure taldeari. Baina urteen buruan fisikoa berdindu egiten da eta teknikak, mugitzeak, jokatzen jakiteak, etab. dira garrantzitsuenak. Beraz, animo eta lanean jarraitzea!

Jokalari hauek hartu dute parte gaurkoan:

Eneko, Goros (Ander 65.min), Arregi (Alex 65.min), Markel, Aitor, Sergio, Goiko, Ezeiza, Iñaki (Iñigo 45.min), Ipi (Jabi 55.min) eta Beñat (Arruti 35.min)

Tolosa 2 Euskalduna 0 PUNTUAK

Oso partidu gogorra eta zaila izan da gaurkoa, denek eman dute barruan zuten guztia baina puntuak horrela banatuko ditugu:

3 PUNTU: Igor (Kadeteekin joan da mesede bat egitearren eta 10 minutu besterik ez dute atera. Hala ere denbora aprobetxatu du eta goleko pase bat eman du. Ezin zaio gehiago eskatu, debut bikaina.)

2 PUNTU: Sergio (Lan asko izan du batez ere lehen zatian bere aurreko biek gehiegi ez bait diote lagundu, eta ondo bete du. Txartelaren jokaldian zuhurragoa izan behar zuen.)

2 PUNTU: Aitor (Benetan partidu ona jokatu du atzekaldean. Sasoi onean dago eta taldeak asko eskertzen du hori. Bigarren golean gertatutakoa ez da bere errua izan, epailearen akats bat baizik.)

PUNTU 1: Arruti (Aurrean bizitasuna eman dio taldeari eta Tolosakoei arazoak sortu dizkie.)

18/2/10

Tolosa Vs Euskalduna

Azken lau partiduak irabazi ostean, agian urte osoan izango dugun norgehiagoka zailena jokatuko dugu larunbatean. Tolosarrak ligan oso fin ibili ez baziren ere, kopan indartsu dabiltza eta jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte bat izan ezik. Hala ere, talde honek erakutsi du edonori irabaz diezaiokela serio eta kontzentrazio haundiarekin jokatzen badu.
Larunbatean izango da, Usabal futbol zelaian eta goizeko 11:30tan. Beraz badakigu, a tope eta ea emaitza positiboren bat ekartzen dugun Andoainera!

15/2/10

Vasconia 1 Euskalduna 5 PUNTUAK

Beste behin, eta partidua erraz irabazten den gehienetan bezala, puntuak askok merezi dituzte. Aipatzekoa da bost goletatik 3 lehenengo urtekoek lortu zituztela eta hori ez da batere erraza. Hala ere, puntuak era honetan banatzea erabaki dugu:

3 PUNTU: Iñigo (Bigarren zatian sartu da eta bere abiadurarekin min handia egin du. Gol on bat sartu du eta beste bat sartu badu ere epaileak baliogabetu egin dio.)

2 PUNTU: Ipi (Zati bakarra jokatu du eta deabrukeriak egin ditu ezker hegalean. Azken bi partiduak oso ondo jokatu ditu eta badirudi bere maila berreskuratu duela)

PUNTU 1: Ander (Nahiz eta lehen zatian zalantzak izan, bigarrenean dena ondo egin du. Eta Vasconiako aurrelariak oso arriskutsuak ziren)

7/2/10

Euskalduna 3 Hondarribi 1

Partidu gogorra aurreikusten zen eta hala izan zen. Lehen minututik geratu zen argi oso lehiatua izango zela norgehiagoka; lehen zatian zelai erdiko joko asko eta aukera gutxi izan ziren. Esanguratsuenak hondarribitarren falta bat langara joan zena Enekok nahikoa ikutu eta gero. Gure aldetik Beñatek area kanpotik izan zuen bolea bat eta Ezeizak nahiz Beñatek berriro ere sareetara botatzen asmatu ez zuten beste bat. Orokorrean lehen zatia dominatu genuen baina atera argi iristeko arazoak izan genituen. Aipagarriena defentsa lerroak egin zuen lana, eta entrenatutako mugimenduak eta kolokazioa ona izan zela, ea horrela jarraitzen dugun.

Bigarren zatia guztiz bestelakoa izan zen, ez jokoagatik, baloiak gurea izaten jarraitu zuelako, baizik eta golengatik. Hirugarren minutan hasi zen gol festa, atzeko lerroan despiste bat Hondarribiko aurrelari txikiak ez zuen desaprobetxatu. Oso jokalari ona zen Hondarribiko 10 zenbakia. Baina gure taldeak, beste behin, ez zuen burua makurtu eta berdinketaren bila hasi zen. Horrela, 10.minutuan Unzalu eta Beñaten arteko jokaldi on baten ostean Jabik (behingoagatik kaso egin eta ondo irekita ) partidua berdindu zuen. Hortik aurrera gure taldea jaun eta jabe izan zen, zelai erdia dominatu eta abiadurarekin jokatuz, baloia minutu gehienak Hondarribiko areatik gertu egon zelarik. Horietako baloi bat Ezeizak boleaz sekulako gola sartu zuen, urteko onenetako bat, eta gainera oso garrantzitsua. Aldaketa guztiak egin genituen eta 5 minuturen faltan Arrutik ezinezkoa zirudien baloi bat puntarekin ikutu eta partidua erabaki zuen, 3-1.

Atzokoa denboraldiko arbitro onena izan zen zalantzarik gabe baina denbora gehiegi gehitu zuen, hala, 39.minutuan Markelek egindako penalti argia adierazi zuen baina Enekok sekulako geldiketa egin zuen. Hurrengo partiduak zailak izango dira oso eta gure atezainak bere maila hoberena erakutsi beharko du. Gure konfiantza badu behinik behin.

Aipatzekoa da ere, atzokoan oso gauza zaila den zerbait gertatu zela: Denek, zelaira irten ziren 16 jokalariek, benetan partidu ona jokatu zutela. Guztiek burutu zuten oso lan ona eta horregatik lortu genituen 3 puntuak.

Eneko, Arregi, Jabi (Ipi 45.min), Sergio (kap.), Markel, Unzalu (Alex 45.min), Goros, Igor (Iñaki 45.min), Ezeiza, Beñat (Arruti 50.min) eta Aitor (Ander 55.min)

Euskalduna 3 Hondarribi 1 PUNTUAK

Lehen esan bezala, atzokoan denek partidu bikaina jokatu zuten, eta ondorioz guztiek merezi dituzte puntuak. Hala ere, partiduan zehar jokaldi klabeak izan ziren eta horiek sarituko ditugu.

3 PUNTU: Eneko (Penalti bat geratzea berezia izaten da atezainentzat, gainera atzokoa oso ondo botata zegoen. Horretaz gain, lehen zatian beste geldiketa on bat egin zue langarekin lagunduta.)

2 PUNTU: Arruti (Zelaian sartu eta gola. Partidua erabaki eta lan ona burutu zuen. Aurrean jokatzen ikasi behar du baina gutxienez lekua aurkitu diogu.)

PUNTU 1: Aitor (Atzeko lerroan jokatu zuten bostek merezi dituzte puntuak baina Aitorren lana nabarmendu nahi dugu ez zuelako akatsik egin zelaian egon zen minutuetan zehar, eta hori oso zaila da.)

5/2/10

Euskalduna Vs Hondarribi

Lehen itzulia amaitzeko azken aurreko partidua hemen dugu eta ez da nolanahikoa gainera. Sailkapenean bigarren postuan dagoen taldea datorkigu, Hondarribi alegia. Partidua benetan gogorra izango da eta gure taldeak duen maila hoberena erakutsi beharko du 3 puntuak eskuratzeko. Nahiz eta Andoainen izan partidua eguerdiko 13:00ean izango da.

Aupa Mutilak!!!!