10/7/10

ZORIONAK Xabi eta Aitziber

Gaur egun haundia da. Pertsona baten bizitzan agian bereziena ezkontza eguna da eta gaur gure Xabi eta Aitziber ezkondu egiten dira. Taldearen errepresentazio txiki bat joango da mezetara baina hemendik jokalari guztien, direnen eta izan direnen, zorionak bidaltzen dizkiegu ezkon berriei.
Era berean, gurasoen eta entrenatzaileen partez zorionak. Urte hauetan zuekin egon diren, Alain, David, Iker Martin, Jauregi, Murua eta beste hainbesteren desio onenak jaso ditzazue hemendik.

Bizitza osorako izan dadila, ondo pasa eztei bidaian eta ea noiz ekartzen dizkiguzuen Artanotxoak!

ZORIONTSU IZAN!!!!!!!!!

Donosti Cup Azken egunak

MUTILAK

EUSKALDUNA - 0
MAPEI - 4

Txapeldunen fasean sartu eta gero bagenekien aurkari zailak izango genituela aurrean baina lehen partiduan txapelketako talde onenaren aurka jokatzea gehiegi izan da gure taldearentzat. Bigarren urtez jarraian Donosti Cupeko garailearen aurka jokatu behar izan dugu eta, nahiz eta ia partidu osoan aurpegia eman detaileek eta zorte txarrak egoera puntualetan erabakai zuten partidua. Hala ere, oso partidu serioa egin zuten gure mutilek eta txapeldunari 20 minutuz dominatu ziotela esan dezakete.

NESKAK

EUSKALDUNA/JAGUARS - 2
ZURRIOLA - 0

Ostegun goizean gure neskek kontsolazio txapelketari ekin zioten ilusion haundiz, eta ondo hasi gainera. Oso partidu ona jokatu zuten eta aurkaria baino gehiago zirela erakutsi zuten uneoro. Zorte txarrak eta punteria faltak ez zien utzi neskei gol gehiago sartzeak. Miriamek eta Kyliek asmatu zuten eta partidua erabakita utzi zuten.

EUSKALDUNA/JAGUARS - 1
INTXAURDI - 2

Txapelketa batetik kanpora joateko modu krudelena izan zen arratsaldekoa; galtzen hasi baziren ere, aukera gehienak gureak ziren eta lehenago edo beranduago gola iritsi behar zela zirudien. Alex-en jaurtiketa bat edo Rian-en falta ikusgarri bat, adibidez, ez ziren gutxigatik sartu. Baina korner batean Itsasnek partidua berdindu zuen eta taldeak konfidantza hartu zuen, hala ere ez zen bigarrena iritsi. Eta guztia penaltietan erabaki behar zela zirudienean, azken minutuan eta Maialeni falta egin ondoren Intxaurdik partidua irabazi zuen. Inondik inora ez zuen merezi gure taldeak horrelako emaitza eta are gutxiago gertatu zen bezala.

Gero, ostegun eta ostirla gauetan afariak disko festak etab izan genituen. Parranda egiteko gogoz zeuden batzuk, baina beste batzuk beti bezala, baloi bat eman eta hor pasa zuten gaua jolasean. Ez zuten futbol nahikoa eduki astean zehar antza.

Aurtengoan ere balorazioa oso positiboa izan dela esan dezakegu, oso giro ona egon da denon artean (inoiz baino hobea) eta gainera Estatu Batuetatik etorritako lau neskek eta amek beraien izugarrizko jatortasunarekin asteari beste alaitasun bat eman diote. Bidai ona izan dezatela eta ea noizbait gure bizitzak elkartzen diren.

Eskerrik asko era berean gurasoei aste osoa hor egoteagatik eta jokalariak alde batetik bestera eramaten aritzeagatik. Guztion artean aste bikain bat pasatzea lortu dugu.

Datorren urterarte!!!

7/7/10

Donosti Cup 3.eguna

MUTILAK

EUSKALDUNA - 1
BETI ONA - 1

Bigarren postua jokoan zegoen arren, partiduko momentu gehienetan tentsio gutxi egon da. Hori bai aukerak bi ateetan ikusi ditugu eta joko onegia egon ez bada ere, partidu interesgarria gozatzeko aukera izan dugu. Aipagarriena Iñakiren barneraketak eskuin hegaletik, eta Danik berriro ere eman duen maila, gainera berak egin du taldearen gol bakarra Igorren pase zehatz bat aprobetxatuz. Azkenean bana, bigarren postua lortu dugu, eta bost urtetan bigarren aldiz txapeldunen fasean sartzea lortu dugu. Urtetik urtera hobetzen ari gara beraz. Bihar dena eman beharko dugu emaitza on bat lortzeko

NESKAK

EUSKALDUNA/JAGUARS - 2
BASAR - 1

Sinesgaitza bada ere, hirugarren partidua jarraian lehen minutuan galtzen jarri dira gure neskak berriro ere. Atzekaldeko despiste batean etorri da gola. Baina gaurkoan gure taldea askoz sendoagoa zen eta aukerak iristen hasi dira. Horrela, Alaitzek behin abisua eman eta gero bigarrenean ez du barkatu eta gol bikain bat eskuratu du. Gero gure jokalari gaztetxoenak, Itziarrek, aukera argi bat huts egin du, beraz berdinketarekin atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala Melinak egundoko gola sartu du bolea bat indartsu joaz; oso jokalari onak dira estatu-batuarrak eta egunetik egunera gure taldeari gehiago laguntzen ari diote. Beraien jarrera ere aipagarria da. Hortik aurrera partidua asko moteldu da, bero gehiegi egiten zuen eta erritmoa asko jaitsi dute bi taldeek. Basar taldekoek falta bat izan dute, baina hor agertu da gure atezain bikaina, dagoeneko "Amazing Anne" deitzen diote amerikarrek. Bihar kontsolazio txapelketan parte hartuko dute eta oso hurrun iristeko aukera izango dute. Animo neskak!

Gauean neskak amerikarrekin batera festa pixkat egin dute, ondo merezitakoa esan beharra dago, eta mutilek atsedena izan dute bihar eta etziko egunak oso luzeak izango bait dira.

Bihar arte denoi

GOLEGILEAK

2- Iñaki
2- Igor
2- Dani
1- Unzalu
1- Goiko
1- Sergio
1- Ipi

1- Alaitz
1- Melina

GOLEKO PASEAK

2- Goiko
2- Igor
1- Beñat
1- Arruti

6/7/10

Donosti Cup 2.eguna

MUTILAK

EUSKALDUNA - 1
SOUNDERS - 3

Ez dugu, inondik inora ere, arratsalde gozo bat igaro gaurkoan. Oso partidu gogorra izango zela bagenekien, indar handiarekin joaten zirela baloiaren bila ere ikusi genuen atzokoan, baina gaur bezain beste gutxitan ikusi da epaile batek emaitzan izan dezakeen eragina. Ez dugu kexuka ibili nahi baina besteak beste bi penalti ez dizkigu adierazi, barruan zegoen baloi bat ez du gol eman eta gure bi jokalarik txartel gorria ikusi dute ostikadarik jo gabe.

Gera gaitezen alderdi positibioarekin: Ipik gola berreskuratu du, Danik min handia egin du aurrekaldean eta Aritz Caballero izugarri aritu da defentsa lanetan eta erasoan ere ausartu da noizbehinka. Arruti ere, partidu zail batean erasoan genuen baliabide onena izan da eta Unzaluk bere maisutasuna erakutsi du berriro ere zelai erdian

Bihar Beti Onaren aurka, garaipena beharko dugu txapeldunen fasean sartzeko. Animo mutilak, erori gara, baina indartsuago zutituko gara!!!

NESKAK

EUSKALDUNA/JAGUARS - 0
VIC RIUPRIMER - 2

Berriro ere lehen minututik jarri da maldan gora partidua, eta berriro ere izugarrizko gol bat jaso eta gero. Baina berriro ere ez dute burua makurtu eta partidu txukun bat jokatu dute gure neskek. Estatu Batuetaik etorritako lau fitxajeek gainera taldeari asko laguntzen diote. Gaur Rian-ek sekulako falta jaurti du baina atezainak gelditu dio, eta Melinak zelai erdian taldearen jokoa bikain mugitu du. Atzo Alex-ek izugarrizko erakustaldia eman zuen alde batetik bestera korrika eta Kylie oraindik ez da gehiegi jokoan sartu aurrera baloi gutxi iritsi zaizkiolako. Bihar taldeak gozatzeko aukera izango du azken sailkatuen aurka. Ea golak eta puntuak iristen diren, animo neskak!!!

GOLEGILEAK

2- Iñaki
2- Igor
1- Unzalu
1- Goiko
1- Sergio
1- Dani
1- Ipi

PASEAK

2- Goiko
1- Beñat
1- Igor
1- Arruti

Donosti Cup 1.go Eguna

EUSKALDUNA - 8
COERVER SELECT - 0

Aurtengoa bostgarren urtea da Euskaldunako Infantilek Donosti Cup txapelketa jokatzen dutena, eta egia esan zaila izango da gaur baino hobeto hastea; 30 segundu nahikoa izan dira Iñakik markagailua irekitzeko Beñaten pase zoragarri bat jaso eta gero. Taldeak sendo jarraitu eta 6.minutuan berriro ere Iñakik, pletoriko, bigarrena egin du oraingoan Goikorena izan den pasea jaso eta gero. Erritmoa moteldu egin da baina atsedenaldira iritsi baino lehen goizeko bi gol onenak ikusi ditugu, Unzalurena, baloi zail bat eskuadran jarriz eta Goikok ederki gozatu duen bolea batean. 4-o atsedenaldira.

Bigarren zatia lasai hasi da eta bosgarren gola ez da 20.minutura arte iritsi, Igorrek egin du, gero Sergiok taldeko jokaldi ikusgarri baten ostean, hurrengoa Igorrek berriz Aritzen burukada baten ondoren eta Danik azkena, ez du etsi eta azkenean saria lortu du gure golegile txikiak.

Bihar Estatu Batuarren aurka, ez digute horrenbeste erraztasun jarriko

EUSKALDUNA / JAGUARS - 0
BELGICA GIRLS 1

Nahiz eta galdu oso irudi ona eman du gure taldeak Philadelphiatik etorritako lau nesken laguntzarekin. Belgikako neskak selekzio bat ziren eta benetan jokalari apartak zituzten, lehenengo minutuan sartu digute gola baina gure neskek ez dute burua makurtu eta borrokan jarraitu dute. Bihar eta etzi gehiago gozatzeko partiduak izago dituzte, gaurkoan erruz lan egin behar izan dute eta.

INAUGURAZIO EKITALDIA

Nesken partiduaren ondoren Donostiara joan gara, gustora afaldu indarrak berreskuratzeko eta Anoetara joan gara. Hor aritu gara, saltoka, abesten, dantza egiten...denetik. Umeak bezala pasa dugu hain umeak ez garenok ere. Ikusgarria da Hasiera Ekitaldia eta ez gara nekatzen Anoetatik Euskaldunako ikurrinarekin paseatzeaz. Hamaika t´erdiak arte egon gara, eta oso nekatuta bukatu dugu eguna, orain denok lotara joango gara, indarra hartu eta bihar futbolean jarraitzeko. Indar berriturik esnatu eta dauzkagun zale bikain hauei beste alaitasun bat emateko gure golekin eta gure jokoarekin.

Ondo lo egin neska mutilak, bihar gehiago!

GOLEGILEAK

2 Iñaki
2 Igor
1 Unzalu
1 Goiko
1 Sergio
1 Dani

GOLEKO PASEAK

2 Goiko
1 Beñat
1 Igor